Basque Segurtasun Foroak bere hogeita zortzigarren bilera egin du gaur arratsaldean Erandion, Txorierriko erakunde, enpresa, entitate eta elkarteetako ordezkariek segurtasunari eta etorkizuneko erronkei buruz dituzten kezkak ezagutzeko.
Erandion egindako topaketan Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiria izan da buru, eta hainbat erakunde publikok parte hartu dute, hala nola Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Ertzaintzak, Osakidetzak, eskualdeko udalek, enpresek eta elkarteek, zehazki Erandio, Leioa, Sondika, Loiu, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzuko udalerrietakoak.
Parte hartzeko dinamiken bidez, Basque Segurtasun Foroaren bilera horiek parte-hartzaileen diagnostikoak eta proposamenak biltzeko balio dute, administrazioen eta inplikatutako eragileen arteko lankidetza indartzera bideratuta, egungo eta etorkizuneko segurtasun-erronken aurrean erantzun bateratua hobetzeko.
Prozesu parte-hartzailea Euskadi osoan
Gaurkoa Basque Segurtasun Foroaren hogeita zortzigarren bilera izan da, Hernanialdean, Urdaibain, Urola Garaian, Uribe Kostan, Urola Erdian, Gasteizen, Ibaizabalen, Bidasoan, Mungialdean, Goierrin, Debagoienan, Meatzaldean, Errioxan eta Arabako Mendialdean, Oarsoaldean, Bilbon, Aiaraldean, Urola Kostan, Lea-Artibain, Ezkerraldean, Debabarrenan, Enkarterrin, Araban eta Gipuzkoan eta Bizkaian egindako topaketen ondoren, baita gazteekin egindako bat ere.
Basque Segurtasun Foroa parte-hartze prozesu bat da, ikuspegi integral batetik segurtasunari buruzko diagnostiko partekatu bat eraikitzeko. Prozesu horretan, hainbat erakundek, elkartek eta eragilek topagune bat izango dute kezkatzen dituen segurtasunarekin lotutako gaiak lantzeko.






























