Eusko Jaurlaritzak LANERA ENPRESA SAREA aktibatu du, lan-munduan euskararen erabilera indartzeko enpresen arteko lankidetza-sare egonkorra

  • Sektore desberdinetako 80 enpresa inguru batu dira gaur Arabako Parke Teknologikoan euskararen erabilera sustatzeko enpresen arteko komunitate eta lankidetza-sare bat martxan jartzeko helburuz.
  • Aitor Aldasoro, Hizkuntza Politikako sailburuordea: “Lan-munduan euskararen erabileran jauzi kualitatiboa emateko bidea enpresekin batera eraikiko dugu, elkarlanean”.

Eusko Jaurlaritzak LANERA ENPRESA SAREA aktibatu du gaur Arabako Parke Teknologikoan egindako topaketan. Sare berriak helburu argi bat du: euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa duten enpresak konektatzea, elkarlana sustatzea eta lan-mundurako neurri praktikoak elkarrekin garatzea.

Topaketa honetan 80 enpresa inguru batu dira, eta jardunaldiak balio izan du esperientziak partekatzeko, aliantzak sortzeko eta euskara balio erantsi, lehiakortasun eta kohesio sozialerako elementu gisa kokatuko duen ikuspegi partekatua eraikitzen hasteko.

Topaketa hau ez da jardunaldi soil bat izan, LANERA SAREAren lehen aktibazio publikoa baizik: enpresen arteko harremanak sortzeko, beharrak identifikatzeko eta etorkizuneko lankidetza-ildoak martxan jartzeko lehen espazioa.

Irekiera hitzaldian, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Aitor Aldasorok, azaldu duenez “euskararen etorkizuna ez da administraziotik bakarrik erabakitzen; eguneroko jardunean eraikitzen da: aisian, kirolean, etxean… eta lanean. Horregatik, enpresen konpromisoa euskararen etorkizunaren alde, ezinbestekoa da. Gaurko jardunaldia ez da ekitaldi soil bat: elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzeko gune baten sorrera da”.

Era berean, sailburuordeak azpimarratu duenez, “sare honekin, gaur, pauso bat harago eman nahi dugu. Jauzi bat egiteko lankidetza abiatu dugu: ekimen edo tokiko proiektuetatik  enpresa-komunitate batera igaro nahi dugu”.

Azkenik, mezu nagusi bat nabarmendu du Aldasoro sailburuordeak: “Euskararen jauzia ez da administraziotik bakarrik etorriko. Elkarrekin egingo dugu, enpresekin eta gizarte osoarekin batera. Eta horretarako Jauzia Gara markoa dugu martxan”.

Parte hartzaileak

Jardunaldian, Aldasororekin batera, erakunde eta enpresa-ordezkariek ere hartu dute hitza: Jose Luis Azkuek, Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak eta Galder Lasuen-ek, Euskalit-eko proiektu arduradunak, alde batetik eta, bestetik, enpresa-esperientziak partekatzeko, Iraitz Perez de Goldarazena (Oreka IT), Galder Uriarte (Patxi Koop) eta Ane Bergaretxe (AMPO).

Saioaren dinamizazioa Sonia Rodriguezek, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak egin du, eta parte-hartzaileen arteko elkarrizketa eta esperientzien trukea sustatu ditu.

LANERA: euskararen erabilera indartzeko lankidetza-proiektua

LANERA egitasmoak Euskararen Plan Estrategikoaren barruan aipamen berezia du. Plan honek datozen urteetarako hizkuntza-politikaren norabidea zehazten duen lau ardatz nagusietan banatuta: ezagutza, erabilera, prestigioa eta datuak.

Hala, LANERA ezagutzaren eta erabileraren ardatzetan kokatzen da eta euskara eremu guztietara eramateko eta, bereziki, lan esparrura eramateko beharrari erantzuteko sortu da. Zentzu honetan, helburu argi bat du: euskararen erabileran jauzi kualitatiboa ematea eremu sozioekonomikoan.

Horretarako, hiru oinarri nagusi ditu LANERAk eta Enpresa Sareak hiruei erantzuna eman nahi die:

  • euskara lan-munduan txertatzea
  • lankidetza sareak indartzea
  • lidergo instituzional partekatua aktibatzea

Azken hilabeteetan, LANERA egitasmoak entzute eta diagnosi fasea garatu du:

  • 21 eskualde, 3 hiriburu eta 300 ordezkari baino gehiagoren ekarpenak jaso dira
  • 600 esperientzia baino gehiago identifikatu eta mapatu dira
  • Eta diagnosi partekatua osatu da

Orain, egitasmoa fase berri batean sartu da: diagnostikotik aktibaziora igaro da, eta helburua da enpresak saretu, baliabideak partekatu eta euskararen erabilera sustatzeko komunitate egonkor bat eratzea.

Aurrera begira, Eusko Jaurlaritzak konpromiso hauek berretsi ditu LANERA egitasmoaren barruan:

  • enpresa-sare iraunkorra aktibatzea eta sendotzea
  • enpresentzat tresnak, baliabideak eta laguntzak eskaintzea
  • eskualde bakoitzean laguntza-eragileen sarea antolatzea
  • eta sektore eta errealitate bakoitzera egokitutako aurrerapen-planak garatzea