Maroto Genovakoa

Estatuko Gobernua osatzeko dagoen zarata eta adierazpenen artean, ia oharkabean, beste erabaki adierazgarri baten berri izan dugu egunotan. Carrera de San Jeronimon Sanchezen etorkizuna bozkatzen den bitartean, Gaztela eta Leongo Parlamentuak Javier Maroto izendatuko du senatari autonomiko moduan Alderdi Popularrak proposatuta.

Erkidego bateko ordezkari izateko erkidego horretan sekula bizi izan ez den persona bat aukeratzea, nire iritziz, ez da aproposena. Dena dela, erabakiak harridura handia sortu badu ere, nire ustez itxura arazoa besterik ez da. Izan ere, ondorio praktikoei erreparatzen badiegu, Gaztela eta Leon zein Euskadi ordezkatuta ere, Marotok, orain arte bere alderdikideek egin izan duten moduan, Genovaren interesak baino ez ditu defendatuko.

Marotoren izendapena kritikatu dutenek Gaztela eta Leongo arazo eta beharrizanak ez dituela ezagutzen esan dute; eta zer ardura du horrek? Iñaki Oyazabal bere alderdikideak ondo baino hobeto ezagutzen zituen arabarren arazo eta beharrizanak eta ez zien jaramonik egiten; ez bakarrik irtenbideen alde egiteari uko eginez, baizik eta kontra ere bozkatuz. Forondako aireportua 24 orduz zabal zedin, Gernikako Estatutuak jasotzen dituen transferentziak bete ez daitezen, Trebiñu Araban integratzeko dagoen nahia isilaraziz…

Enklabeari dagokionez, Maroto Araba izatearen alde agertu zen duela urte batzuk, “eskubide historiko eta administratiboengatik, eta kultura sustraiengatik”; ea zer dioen orain bere barruan Burgos hartzen duen Erkidegoko ordezkari denean Goi Ganberan. Egia esan, duela hilabete batzuk “Gasteiz eta Arabaren alde beti” esaten zuen pertsonaren aldetik ez dut uste koherentzia gehiegi espero denik.

Arabarrek ez zuten Kongresurako aukeratu, baina, azkenean, Segovian erroldatu eta gero, Senatura helduko da Javier Maroto. Arabar bat Gaztela eta Leon ordezkatuz. Noren ahotsa izango da? Arabarrena ala Gaztela eta Leongoena? Bada, ez batzurena ez besteena. Casadoren ahotsa izango da Genovaren aginduak betez. Arazoa aspaldikoa da, oraingoa itxura arazoa besterik ez da.