‘Has dadila funtzioa!’, artículo de opinión de Jokin Bildarratz

Funtziotako Gobernua ari da jardunean Estatu espainiarrean baina, egoera politikoa ikusita, zirkuko funtzioa ematen du behin baino gehiagotan, batzuen eta besteen adierazpenak eta jarrerak ikusita. ‘Has dadila funtzioa!’ oihukatu ohi du ikuskizunaren gidariak pista biribil-biribilaren erditik, baina Estatuan funtzioa aspaldi hasita dago; izan ere, etengabeko emanaldian dago, kanpaina batetik hurrengora akrobatak trapeziotik trapeziora jauzi egiten duen bezala.

Ikuskizuna batez ere komunikabideetan ematen ari den arren, aintzat hartzeko bezalako edozein zirkutan legez, bi pista nagusi daude hau gauzatzeko: Kongresua eta Senatua. Gurean, Goi Ganberan, gure lehen eta azken osoko bilkura izan ahal dena eduki dugun asteon, nahiz eta medioetan gure jardunaren berri handirik ez den eman. Komunikabideetan gure berri izan bada, Senatuko presidenteak idatzitako liburu batean plagioa egin omen duela jakinarazi duten albisteengatik izan da. Nola kritikatuko ditut medioak horrela jokatzeagatik oposizioaren eskubi aldean dauden alderdi politikoetako ordezkariek ere gai bera erabili badute hemizikloan Gobernuaren kontrako argudio nagusi moduan!
Dena dela, foko guztiak pista nagusira, Kongresura begira daude, batez ere Sanchezek eta Iglesiasek zer egiten duten aztertzen. Ez dut uste hauek ilusionista onek egiten duten antzera despistatzeko adierazpenak egiten ari direnik azken unean txisteratik untxi bat atera eta inbestidura gauzatzeko; zeharo harrituko nintzateke!

Eta horretan gaudela, Albert Riverak bilera eskatu dio Sanchezi 155. artikulua beste behin aplikatzeko; zein gobernu esku hartu nahiko du Ciudadanosekoak, Kataluniakoa ala Espainiakoa? Jarrai dezala funtzioak! The show must go on!