‘Kukuaren notak’, Jokin Bildarraitzen artikulua

Egunotan, kalean zarata gutxi dagoenez, kukua entzun ahal izan dut etxetik. Ez dut oso argi entzun eta Kirmen Uribe idazle ondarrutarraren poesia batekin gogoratu naiz. Bertan, kukuak zein notatan jotzen duen aztertu omen zuen pertsona batez ari da; hasiera batean ‘si-sol’ argi bat entzun omen zuen, baina gero zalantzak sortu zitzaizkion: ‘mi-do’ ala ‘fa-re’? Nire kasuan, konfinatuta egoteko beharraren eraginez, arropa eroso eta poltsiko hutsekin harrapatu nau, diru aldetik urtea kaskarra izango dudala iragarriz, horregatik ez dut baztertzen azken aukera: kukuak ‘farre’ egin didala.

Izan ere, aurtengoa urte kaskarra izango omen da ekonomiaren aldetik, osasunaren aldetik negargarria izango den bezalaxe. Nazioarteko Diru Funtsak eta kalifikazio agentziek aste honetan aurreratu dutenez, Estatu espainiarreko Barne Produktu Gordina %9 ingurura jaitsiko da eta langabezia %20tik pasako omen da. Testuinguru honetan, oinarrizkoa da ahalik eta prestatuen egotea, osasun larrialdia arintzen denerako, gure industria sarea indarberritzeko.

Izango dira ekonomiaz arduratzen naizela aurpegiratuko didatenak osasunaz egin beharrean, bata eta bestea bateragarriak izango ez balira bezala, elkar elikatuko ez balira bezala. Sendagile baten esaldi bat erabiliko dut: “Ekonomiaren atzeraldiak epidemiak baino kalte gehiago eragin diezaioke osasunari”. Gobernuetan izateko benetako ardura daukagun alderdiok arazoen ikuspuntu zabalago eta arduratsuagoak ditugu: jakina osasuna dela gure lehentasuna, baina ezin da kezka bakarra izan. Dena dela, badakigu politikaren munduan badaudela momentuan momentuko gizartearen kezka edo beldurra beraien aldarrikapen bakar moduan hartu eta erabiltzen dituztenak -orain osasuna da eta geroago, orain lepoa ematen dioten lana eta ekonomia- Gobernuan dagoenaren jarduna okerra dela aditzera eman nahian. Kukuek bezala, habian lekua egiteko maltzurki jokatzen dutenak. Ez ‘si-sol’, ez ‘fa-re’, ez ‘mi-do’, kukuak beti ‘kuku’.