Lau urterik behin…

EAJ PNV Kongresua - Senatua

Aurten ere, Pedro Sanchezek ezin izan du bere urtebetetzea behar den moduan ospatu. Ez, ez diot hori bere agintaldiari nahiko lukeen baino lehenago amaiera eman behar izan diolako, baizik eta atzo otsailaren 28a noiz amaituko zain egongo zelako eta, hara!, gaur martxoaren 1arekin esnatu da, bere jaioteguna egutegian agertu gabe.

Otsailaren 29a egun berezia da, lau urterik behin baino ez delako kontuan hartzen tarte horretan 365 eguneko egutegiaren eta lurrak eguzkiari bira osoa emateko benetan behar duen denboraren artean dagoen desfasea zuzentzeko. Bisurteak dira horiek; ‘bisiestoak’: ‘bis sextus dies ante calendas martii’; martxoko lehen eguna baino lehen errepikatu beharreko eguna. Dena dela, egokitzapena ez da perfektua, eta horregatik arauak salbuespenak ditu, eta ehuneko multiplo diren urteak (400ekoak izan ezik) ez dira bisurteak izaten.

Egutegi politikoan ere, hauteskundeak lau urterik behin egitea izan da ohitura, baina azken urteotan salbuespen gehiegi izaten ari da Estatu espainolean. Bisurteak zehazteko araua nahasia dirudien arren, askoz ere nahasiagoa da aspaldian Estatu mailan bizi dugun giro politikoa. Lurrak eguzkiari lau bira emateko astia baino, bat eman orduko Gobernuek beraien bidea eten eta herritarrak bozkatzera deitzen dituzte. Ordezkarien oreka numerikoak eta, batez ere, Alderdi politiko nagusiek elkarrizketarako gaitasunik ez izateak azaltzen du ezegonkortasun hori.

Johannes Kepler astronomo alemaniarrak XVII. mendearen hasieran azaldu zituen planeten mugimenduaren hiru legeak; aldaezinak eta, horregatik, betierekoak. Estatu espainiarrean, XXI. mendean, legeak aldaezinak, aldagarriak, derrigorrez betetzekoak edota bete behar ez direnak daude eta, horregatik, ‘kaduzitatea’ dute.

2020an Pedro Sanchezek bere urtebetetze eguna izango du, lau urtero legez. Ordurako ez dakit Gobernuko Presidente izango den edo, agian, beste kanpaina baten murgilduta izango den. Bitartean, Euskadin, hauteskunde urtea izango da, Iñigo Urkulluren Gobernuak bere agintaldia osatuko duelako bere jokabide sendo eta iraunkorraz baliatuz. Unibertsoaren Legea baino, Legearen unibertsoa.

Ezin dut testu hau amaitu, atzo hil zen Xabier Arzalluzi lerro batzuk eskaini gabe. Pertsona, laguna, senarra, aita, aitona… betirako joan da, baina berak utzitako lana eta irakaspena ere betirako geratuko zaizkigu. Zure eredua gure iparizarra izango da. Goian bego.